XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina nik bere eskuarentzat tresna izan nahi dut, nire gorputzez frogatu ea bere artea benetakoa den ala ikasketa luzearen ondorio tekniko hutsa; ea Josu Triki Headek ba al dakien fereka sutsuek emakumeoi loditzen digun arnasotsaren ondoren musika barnekoi eta trinkoagoak iragazten.

Bai.

Badaki.

Ni dardarizo taigabean nauka bere eskua gorputzeko tentsioa lurmentzen hasi zaidanetik, biriketara haizerik iritsiko ez bailitzaidan ireki beharra dut ahoa, haren hatzak, ai!, izter artean pausatuz, haren hatzak, ai! saihetsetan gora igotzean laztan-purtzilka, haren hatzak, ai!, uzki inguruan ukituz bizkarrezurrean gora azkura sortzen...

Niretzako bakarrik nahi nuen haren eskuin eskua, eta niretzako bakarrik izanen da haren eskua, noiz ez dakidan bota zuten pelikula hartan bezala bere esku-oinak ohearen lau izkinetara lotu ondoren, sukaldetik okelarentzako aizkora lodia ekarri, azal itsusidun liburukote baten gainean eskumuturra ezarri, eta zost!, kolpe batez moztu eta neureganatu nuenetik.